Euskara 21XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak

Euskara 21 - XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak


2.2. Abiapuntu legala

Hizkuntza politika orok baditu bi alde: dimentsio instituzionala eta gizarte-dimentsioa. Gure artean, ordea, ohikoa da hizkuntza politikaz jarduten dugunean dimentsio instituzional hutsetik jardutea, hizkuntza politikaren erritmoak eta egokitasuna soilik lege-arauen eta herri-aginteen jardueraren esku baleude bezala. Esan berri duguna argiago ikuste aldera, saia gaitezen honako galdera honi erantzuna ematen: ba al da gaurko euskal gizartean herritar gehienek euskararen alde eman nahiko luketen pausorik eta Euskararen Legeak edo gainerako lege-arauek trabatzen duelako bertan behera erortzen denik?

Egia da legea bere osotasunean eta legeak aitorturiko eskubideak betetzea kosta egiten dela, eta zenbait kasutan nekez betetzen direla eskubide horiek: Justizia arloa da, ziur aski, horretan gabezia handienak dituena. Egia da, halaber, indarrean dagoen legeriaren garapen-aukera guztiak ez direla agortu oraindik. Gaurko legeriaren eremuan ere bada, beraz, oraindik ibili gabeko tarterik. Sakoneko kontua, ordea, besterik da.

Kontua da, euskara den baino indartsuago ez bada, euskararen normalizazioaren aldeko jardunean gauzak aurrerago joan ez badira, gizarteak oro har mugak ezartzen dituelako dela, errealitatea baita hizkuntza politikaren abiadurari eta nondik norakoari mugak ezartzen dizkiona. Eta komeni zaigu errealitate hori kontuan hartzea, baldin eta hizkuntza politika arrakastatsua eta euskararen erabilera egiazki indartzeko eta areagotzeko balio duena egingo badugu.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko lege-markoaren oinarri nagusiak ondoko hauek dira: batetik, herritarrei hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkie, eta herri-erakundeei betebeharrak ezartzen zaizkie herritarrei aitorturiko hizkuntza-eskubideak eguneroko bizitzan egiazki errespetatuak eta baliatuak izan daitezen; bestetik, progresibotasuna, ezinezkoa delako guztia goizetik gauera betetzea, are gutxiago Euskadiko errealitate soziolinguistikoa ez baita homogeneoa; eta, azkenik, normalizaziorako legeria, zeina ez baita neutrala, ez da laissez-faire printzipioaren jarraitzaile, euskararen erabilera normalizatzea eta gizarte elebiduna eraikitzea ditu helburu.

Ikus ditzagun, jarraian, gure lege-markoaren ezaugarri nagusiei buruzko zenbait zertzelada.

 

Euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa da

Baieztapen hori, jakina denez, Autonomia Estatutuaren 6. artikuluan agertzen da lehen aldiz gure artean.

Hizkuntza propioa zer da, beraz? Ez da, bistan da, Euskal Herriko hizkuntza bakarra edo, gutxienez, nagusia. Euskal Herriko zenbait eskualdetan euskara baino bertakoagoa da eta/edo izan da gaztelania. Euskara ez da, ondorioz, Euskal Herriak duen/Euskal Herrian mintzatzen den hizkuntza bakarra. Bai, ordea, Euskal Herrian beste inon mintzatzen ez dena. Euskara ez da hizkuntza propioa gure hizkuntza bakarra delako, gurea ez beste inorena delako baizik, gurea baino ez, gurea bakarrik.

Euskara, bestalde, euskal gizartearen kultura ondarearen osagai funtsezkoa da, ezaugarri behinena. Horren haritik, baieztatu behar dugu euskara ez dela soilik euskal hiztunena edota, gutxiago, euskararen profesionalena. Euskara euskal herritarron ondare erkidea da.

 

Euskara ofiziala da EAEn, gaztelania bezala

Euskararen ofizialtasuna guztiz onartua eta partekatua da gure gizartean. Ofizialtasun horrek, bestalde, Espainiako Konstituzioan du abiapuntua, eta jarraian, hari beretik, ofizialtasuna ezartzera eta zedarritzera dator Euskadiko Autonomia Estatutua.

Euskararen ofizialtasuna, Konstituzio Auzitegiaren epaiak argitzen duen bezala, ofizialtasun osoa da. Ofizialtasuna Autonomia Erkidegoaren lurralde osora hedatzen da, ez soilik Autonomia Erkidegoaren erakundeetara, eta gaztelaniaren ofizialtasunaren pare-parekoa da, berdina.

Ofizialtasuna aitortzearekin bat, herri-aginteek euskaraz egindako edozein egintzaren balioa onartzen dute eta, beraz, herritarrei euskara balio osoz erabiltzeko aukera ematen diete. Hizkuntzaren erabilera herritarren esku geratzen da eta hizkuntza-askatasuna da irizpide nagusia.

 

Herritar guztiek dute euskara eta gaztelania jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, eta herri-erakundeei dagokie eskubide hori bermatzea

Gorago esan bezala, herritarren eskubideetan oinarritzen da gure Erkidegoan hizkuntza politika osoa, ez hizkuntzaren eskubideetan edota lurraldearenetan. Herritarrek, herritar guztiek, dituzte hizkuntza-eskubideak, eta, izan, guztiek berdinak dituzte.

Gure araubidea, horretaz, herritarren borondatean eta herritarren atxikimenduan oinarritzen da, beti ere herri-aginteei dagokie “eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen” ziurtatzea. Herri-aginteei dagokie euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko neurriak hartzea. Herritarrak dira hizkuntza-eskubideen jabe eta herri-aginteei dagokie hizkuntza-eskubideak zaintzea ez ezik herritarrek balia ditzaten neurriak hartzea, kasu askotan —eta ezinbestez—, hainbat deserosotasun eragin ditzaketen neurriak, baina beti ere neurri horien zuzentasuna, egokitasuna, proportzionaltasuna eta eraginkortasuna bermatu behar dituzte.

 

Legearen (eta hizkuntza politikaren) helburua euskara normalizatzea eta elebitasuna erdiestea da

Normalizazioa esaten denean, euskararen erabilera normaltzea esan nahi da, hots, euskara gizarteko eginbide guztietan normaltasunez erabiltzeko aukera izatea. Horrela, euskararen erabilera normalizatzea izan zen —eta da— Legearen helburua.

Helburu hori iristeko bidean, ahulenaren aldeko jokabidea garatu behar dute herri-aginteek eta gizarteak oro har: gizartea berdinkideago izan ahal izateko, egoerarik zailenean daudenak laguntzea da gizarte demokratiko baten ezaugarrietako bat (kasu honetan, euskara eta euskal hiztunak).

Elebitasuna da Legearen (eta hizkuntza politikaren) helburua. Helburua ez da gaztelaniaren aurka jotzea, are gutxiago gaztelaniaz baino ez dakiten eta gaztelaniaz bizi nahi duten herritarren kontra egitea. Legearen eskutik euskarari testuinguru elebidunean eraiki nahi zaio etorkizuna segurtatzeko behar besteko tokia, Errenteriako maisuak esan bezala “erdara ere hemengoa baita”.

 

Dibertsitate soziolinguistikoa eta progresibotasuna dira Legearen ezaugarri nagusietarikoak

Ezinezkoa baita legerian aitorturiko hizkuntza-eskubide guztiak goizetik gauera betetzea; ezinezkoa baita, halaber, euskararen erabileraren normalkuntza urte batetik bestera, edo belaunaldi batetik bestera, lortzea, kontuan izanik zenbaterainokoa den euskarak abiapuntuan duen ahulezia; ezinezkoa baita euskal lurraldeetako egoera soziolinguistiko ezberdinak ahantzita toki guztietan erritmo eta neurri-multzo bat eta bera planteatzea. Euskararen egoera soziolinguistikoa ez da homogeneoa EAEn, eta Autonomia Estatutuak zein Euskararen Legeak biek diote dibertsitate soziolinguistikoa aintzakotzat hartu behar dela, euskararen erabilera eta ezagutza bermatzea helburu duten neurriak hartzerakoan.

Legean argi gelditzen da hizkuntza eskubideen eragingarritasunak progresiboa izan behar duela. Progresiboak, ordea, ez du esan nahi mugagabe geroragarria. Bistan da euskara bizi nahi duenak bere hizkuntza-hautapena baliatzeko zailtasun ugari dituela gaur oraindik toki askotan. Eskubide hori egiazki nola bermatu, herritar erdaldunen eskubideekin nola uztartu eta progresibotasuna nola gauzatu horiek dira demokratikoki erabakitzeko puntuak.

 

< 2.1. Euskararen gizarte-bilakaeraz 

 

 2.3. Euskararen aurrerakadaren ifrentzua >

 

 

 


Lege informazioa © 2008 Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco