Egilea: Aitor Etxebarria
Euskara irakaslea
Egia esan, gustura irakurri dut gogoetarako proposatu den txosten hau eta esan beharra dut, oro har, printzipio nagusietan, ados nagoela bertan planteatzen denarekin. Oro har, defentsiban idatzitako txostena da, oraindik euskaratik urrun edo erasokor bizi direnak erakarri edo konbentzitu nahian. Baten batek pentsatuko du bizi dugun garairako hobe eta egokiago litzatekeela jarrera eta apustu erasokorragoa. Ni ez naiz iritzi horretakoa. Apustu kontua da, apustu sakona jokoan dagoena ez baita txantxetakoa; baina apustua azken batean.
Ondoren datozen lerroek ez dute, akaso, berrikuntza handirik ekarriko. Irakurritakotik deigarrienak iruditu zaizkidan zenbait puntu azpimarratu eta, nire ustez, azalean geratu diren beste batzuetan gehiago sakondu nahi izan dut.
1. Akordio politiko zabala
Askotan esan izan da euskara polítiko kontuetatik aske utzi beharra dela, baina ezinbestekoa iruditzen zait euskara politikaren esparrura, ondoko lerrootan adieraziko dudan zentzuan. Izan ere, euskara politikoki erabilia izan da eta erabilia da egun ere. Testuan, bereziki, abertzaletasunarekin lotutako nolabaiteko patrimonializazioa azpimarratzen da behin baino sarriagotan. Hori egia izanik ere, beste aldea ere ikusi beharra dago. Euskaran, hizkuntza politikan aurki lezaketen edozein zirrikituz baliatzen direnez ari naiz, euskararen aldeko lana eta berau aurrera daramaten eragile, mugimendu edo erakunde desprestigiatzeko eta onura politikoa ateratzeko. Euskararen inguruan sortzen den bizitasunari bizkar emango diote, existituko ez balitz bezala. Baina zeregin horretan hutsune edo gabezia edo arlo eztabaidagarriren bat atzemanez gero, ederki barreiatuko dute lau haizeetara.
Honen guztiaren aurrean euskara blindatzeko akordio polítiko bat lortzea ezinbestekoa iruditzen zait. Honen guztiaren ifrentzua ezaugarri hauen bidez isla liteke:
Akordio polítiko zabal honen baitan garatutako Hizkuntza Polítikak sendoa izan behar du ezinbestean. Lekukoa hartuko duen hurrengo aginte-makilak, edozein koloretakoa izanda ere, euskara ondo zainduko duen itxaropen eta segurtasunarekin, beste edozein arlo garrantzitsuz (Osakidetza, Hezkuntza, Emakumea, Ingurugiroa, Ekonomia …) arduratuko den modura.
Hau guztia nola lortu? Hortxe dago koska! Estatu mailako Gobernuan noizbehinka proposatu eta batzuetan lortzen den funtsezko gaien inguruko “Estatu Mailako Ituna”k datozkit gogora. Horretarako, elkarrizketa, akordioa, konfiantza… izango dira ezinbesteko osagaiak.
2. Hiritarren arteko kontsentsua
Oinarrizko txostenak luze eta zabal dihardu honetaz. Neuk ere argi ikusten dut euskara euskal herritar guztion kontua (altxorra eta afera, aldi berean) dela. Are gehiago, konbentzituta nago euskaldunok oraindik euskaraz ez dakitenen premia dugula. Izan ere, nekez iraun lezake bizirik gehiengo zabal batek ezagutzen edota ulertzen ez duen hizkuntza batek. Beraz, euskararena herritar guztiei eskaini nahi eta behar diegun altxorra dugu, beraiekin konpartitzeko; baina, bestalde, gainontzekoen premia ere badugu gure altxorrak bizirik iraun dezan.
Honekin lotuta, herritarren borondatean (eta ez inposaketan) oinarritutako HP izan behar dela esaten da. Erabat, guztiz ados. Hala ere, zera gaineratu nahi nioke: hiritarren borondatean oinarritu, bai, baina, aldi berean, borondate hori sortu eta elikatzea ere badela HPren eginkizunetako da. Hau da, unean uneko euskara-egarria asetzeaz gain, egarri hori sortu ere egin behar dela.
Txostenean bertan ere aipatzen denez, neuk ere uste dut badela gizarte mailan euskararen aldeko nolabaiteko jarrera zabala. Euskara, oro har, estimatua eta baloratua da. Baina nago azken garai honetan onartze zabal hau nolabait pitzatzen ari dela, zenbait gizarte esparrutan behinik behin.
Hona hemen nire ustetan pitzadura eragiten duten elementu nagusiak:
2.1. Hizkuntza Eskakizunak
Txostenean aipatzen da kontu hau. Besteak beste, nolabaiteko berrikusketa bat proposatzen da, HE erabilerarekin lotzera begira; bestetik, gizarte mailan nolabaiteko kostua edo esfortzua onartu beharra azpimarratzen da, aginduak oso gutxitan baino ez direla denen gustukoak onartzen da…
Nik neuk uste dut HEen gaiaren inguruko hausnarketa sakon bat egin beharra dagoela. Azaleko lehen elementua ematen/lortzen diren emaitza kaskar-kaskarrak dira. Edozein deialditako emaitzei erreparatzea besterik ez dago hau konprobatzeko. Ez da normala ez logikoa horrenbeste “ez gai” ikustea. Tartean izango dira inolako prestaketarik gabe joaten direnak, ahalegin txikiena ere egin ez dutenak…; baina honek ezin du dena zuritu edo azaldu. Emaitza txarren kopurua hain handia den kasurik gehienetan, aurkeztutakoen gaitasunik ezak ez du dena azaltzen. Bestelako irakurketa bat egin beharra dago. Euskararen irakaskuntzan egiten dut lan, hainbat ikasle izan ditut eta ditut Osakidetza eta IVAPeko HEetako azterketetara aurkeztu direnak edo aurkeztu beharra dutenak; eta beraientzat kontu hau gero eta mamu beldurgarri baten itxura hartzen ari da, muga gaindiezin bat, lorpen eskuraezin baten trazak hartzen ari da.
Honekin batera, sarri askotan egiten den beste kritika baten arabera, lanpostuen adjudikazioan neurriz kanpoko balioa ematen zaio Hizkuntza Eskakizunari, gaitasun profesionalaren aldean.
Eta honek guztiak, albo eragin bezala, euskararen beraren pertzepzioan ere eragin nabarmena du: inposaketarekin lotzen da, tituluan soilik jartzen da begirada e.a.
Egia esan, ez naiz inor kritika hauek baloratzeko eta zer duten egiatik zehazteko. Edozein kasutan, honen guztiaren aurrean, nire uste apalean, hainbat galdera egin beharra dago.
2.2. Hezkuntza Ereduak
Kontu honetan, egia esan, ez dauzkat gauzak hain argi.
Begien bistan ditut Hezkuntza Ereduen balizko aldaketa eta erreformaren aurrean zenbait kolektibo, komunikabide indartsuen laguntza handiarekin, erakusten ari diren jarrera, egiten ari diren kanpaina eta lortzen ari diren oihartzuna. Bestetik, nire inguruan ere ezagutzen ditut aurreikusten den erreforma hau begi txarrez ikusten duten gurasoak, eta ez dira gutxi.
Eta, esan dudan bezala, ez dauzkat gauzak hain argi. Izan ere, aurreikusitako erreformari (nik dudan informazioaren arabera) egokia eta beharrezkoa deritzot. Azken 25 urteotan hiru ereduen bidez egindako lana handia izan da, emaitzak ere kontuan hartzekoak…; baina ez dira nahikoak, nire ustez, euskararen ezagutza maila txukuna ziurtatzeko hezkuntza arautua bukatzen duten ikasle guztien kasuan (are gutxiago erabilera, jakina)
Baina orduan, zer egin, nola jokatu erreforma honen aurka oldartu diren sektore eta sentsibilitateekin? Ez dugu esan herritarren kontsentsu zabala beharrezkoa dela? Nola jokatu afera honetan?
Erantzun posible batzuk daotzkit gogora:
3. Elkarlana
Gauza gutxi aipatzen da oinarrizko txosten honetan azken puntu honi buruz. Azken aurreko orrialdean, azken puntuan orrialde erdia betetzen duen gogoeta bat dator, azken batean bi puntu azpimarratzeko:
Ados nago bi printzipioekin, askotan ahoz eta idatziz defendatu dudan bezala. Baina nago azken urteetako esperientzia ikusita, ez dela nahikoa nik neuk behintzat ikusi dudana konpontzeko. Eta badagoela zer konpondu uste dut, eta konpondu beharrekoa garrantzitsua eta premiazkoa dela euskararen eta, azken batean, guztion onerako.
Eta zer ikusi dut nik azken urteetan?
Zenbait kasutan elkarlana begien bistakoa izan da. Hortxe ditugu, adibide gisa, AEK eta HEAko beste sare batzuekin lortutako akordio onak eta akordio horren emaitza izan den elkarlana; erabileraren esparruan euskara elkarteekin eta, bereziki, Topagunea-rekin lortutakoa, hau ere elkarlan sendo baten oinarri; hezkuntzaren esparruan ere gauzatutakoa…
Baina beste esparru batzuetan (Kontseilua-rena aipatuko nuke bereziki), lehiaz eta mesfidantzaz beteriko lasterketa baten zantzua hartu diet izandako harremanei. Ez dakit oso ondo egoeraren ardurak nola banatu, ez baititut harremanon barrunbeak ezagutzen; emaitzak bai, ordea. Aitzitik, argi daukat egoerak ezin duela horrela luzaroan jarraitu. Lehen esan bezala, euskarari kalte egiten dio banaketa honek: indarrak xahutu eta alferrik galtzen dira; euskaratik aldenduta bizi direnak erakartzeko ere ez da oso modu txukuna banatuta ikustea, mezu eta diskurtso homogeneoak ez ikustea…; eta euskal hiztun eta euskaltzaleen arteko zatiketa ez da batere ona elkarbizitzarako bertarako.
Desadostasun honen oinarrian nabaritzen dut, herri ekimenarekin lotutako sektorearen aldetik, hizkuntza eskubideen babes eskasaren pertzepzio eta sentimendua. Herri-erakundeek ez dute nahikorik egiten eskubide hauek defendatzeko, beraien ustez. Hizkuntza Politika sendo eta ausartagoa behar da euskal hiztunek euskara nonahi eta zernahitarako erabiltzeko aukera bermaturik izan dezaten. Honekin batera, hizkuntza-komunitate trinko eta herri/nazio-mailako proiektu politiko baten aldeko apustu sendoa. Herri-erakundeen aldetik ere nabaritzen dut proiektu politiko honi izen eta abizen zehatzen zantzuak nabaritzen dituztela eta honek mesfidantza eragiten diela…
Esandako hau guztia aurreko puntuan (herritarren arteko kontsentsuari eskainitakoan) esandakoarekin lotuz gero, ataka baten erdian ikusten dut Hizkuntza Politika: alde batetik sektore zabal bati orain arte egindakoa gehiegizkoa iruditzen zaio (inposaketaz edo antzeko beste kontu batzuez mintzo da); beste sektore baten irudiko, ordea, ahula, urria, koldarra… izan da orain arte egindakoa. Kontua ez da nork duen arrazoia, nork eman behar duen amore ebastea.
Izan ere, denek dute arrazoi-parte bat (jarrera eta iritzi muturrenekoak defendatzen dituztenek izan ezik); eta denek eman beharko dute amore. Berriz ere zubigintza ezinbestekoa izango da. Zein izan behar da Hizkuntza Politikaren hemendik aurreragoko iparra: euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu ala euskararen aldeko jarrera ahalik eta zabalena eta ahalik eta aktiboena lortu? “Ala” bat ipini dut. Posible al da “eta” ipintzea? Nik posible dela sinetsi nahi dut. Baina dena posible izateko alde guztiek eman beharko dute amore: euskaratik oraindik urruti samar daudenek, euskaldunok, herri agintaritzak…Edo. akaso, herri-agintaritzari zubi-lanak egitea egokituko zaio?
Elkarlanera itzulita, berriro gogoratu nahi nituzke txostenean aipatzen diren bi irizpide nagusiak: a) erakunde publikoei dagokie hizkuntza politika definitzea eta garabidean jartzea. b) Gizarte ekimena indartzea eta haien ekarpenak bideratzea ere garrantzi handikoa da; are gehiago, gizarte ekimena ere ezinbestekoa da.
Bi irizpide nagusi hauek kontuan harturik, egingarria eta egin beharrekoa iruditzen zait erakunde publikoen eta gizarte ekimenaren arteko akordio zabala, bakoitzaren rola argi utziko duena, bien arteko osagarritasuna zertan datzan ondo definituko duena, bakoitzaren lana non hasi eta bukatzen den. Hau guztia guztien adostasun eta onarpenarekin.
Webgunearen moderatzaileek berrikusiko dute zure ekarpena, web gunean publikatu aurretik, Euskara 21eko argitaratze-irizpideak betetzen dituela egiaztatzeko. Irizpide horiek betetzen baditu ordu gutxi batzuen buruan, zure ekarpena argitaratuko dugu.
Izartxoa (*) duten eremuak bete beharrekoak dira.