Soziolinguistikaren etxean onarpen zabala duen printzipioaren arabera, ondorengo hirurok dira hizkuntza baten —edozein hizkuntzaren— biziberritze prozesuaren arrakasta bermatzeko nahitaez gertatu behar diren faktoreak: lege-marko egokia, hizkuntza normalkuntza ahalbidetzeko behar bestekoa izango dena; hizkuntza politika eraginkorra eta baliabideak; herritarren atxikimendua eta hizkuntzaren aldeko jarrera eta konpromisoa. Hiru faktore horietako bakoitza aztertu eta baloratzerakoan ikuspuntu ezberdinak —kontrajarriak ere bai, zenbaitetan— daudela bistakoa bada ere, onartu behar dugu euskararen lurraldeetako batean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan zehatz esanda, hiru faktore horien uztardura eta batura baditugula (bestelakoak dira Nafarroa eta Iparraldeko egoerak).
Badakigu hizkuntza-normalkuntza prozesuak prozesu sozial luze eta konplexuak direla, besteak beste gizarteek urte askotako joan-etorrian bereganatu dituzten balio politiko, ekonomiko eta kulturalekin lotura zuzena dutelako, eta herritar bakoitzaren borondate, askatasun, gaitasun eta ohituren mendeko direlako. Hain zuzen horrexegatik da ezinbestekoa euskara biziberritzeko prozesua ere denboraren perspektiban aztertzea.
25-30 urteko ikuspuntuan bistan da aurrera egin duela nabarmen euskarak. Argi-ilunak tarteko, ordukoa baino erruz hobea da gure hizkuntzaren gaurko egoera. Egunkaria eta aldizkariak irakur ditzakegu euskaraz, telebistak eta irratiak ikus eta entzun ditzakegu euskaraz. Guraso gehienen gogoa da euren seme-alabek derrigorrezko hezkuntzako ikasketak euskaraz egitea, eta gogo hori bete dezakete eta asebetetzen dute. Unibertsitatean ere ikasgai asko, baita karrera osoak ere, euskaraz daude eta hala bereganatzen dituzte milaka ikaslek. Herri administrazioan ere badu presentzia euskarak. Euskara ikasi nahi duten helduek, berriz, eskura daukate euskara ikasteko aukera, 139 euskaltegiz osaturiko sare publiko eta pribatu profesionalizatuaren bidez.
Milaka hiztun berri irabazi ditu euskarak 25 urteotan. Duela 25 urte, adin zaharrekoen artean biltzen ziren gehienik euskal hiztunak, eta gutxienik gazte, gaztetxo eta haurren artean. Gaur, hori justu alderantziz gertatzen da, euskararen mesedean gertatu ere, gazteen artean jadanik gehienak baitira euskaraz dakitenak.
Poetak aipatu zuen harako euskara noranahiko hura biziberritu egin da urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da, ezbairik gabe. Euskal literaturak, esate baterako, inoiz izan ez duen maila lortu du. Gainera, mundu modernoko literaturekin homologagarria da gaur egun euskal idazleek sortzen duten literatura. Beste horrenbeste esan liteke itzulpengintzaz eta kultura ekoizpenaz oro har. Euskarak inoiz izan ez duen neurriko presentzia du era guztietako liburugintzan, CD-ROM eta DVDetan, filmetan… Itsutasunez edo itsukeriaz bakarrik uka liteke gaur egun euskarak inoiz izan ez duen eremuetan ere presentzia eta tokia irabazi dituela, jende gehiagoren ahotan eta esparru gehiagotan erabiltzen den hizkuntza dela, alegia.
Hau guztiau esan beharrekoa da hizkuntza politikaren nondik norakoaz eztabaidatuko badugu. Esan beharrekoa da ez noski autoatseginkeria antzuetan eta etorkizunerako begirada guztiz lausotuko lukeen harrokerietan erortzeko. Geroago ikusiko dugunez, gorakada honek bai baititu bere ifrentzuak ere, gogoeta sakona eskatzen diguten ifrentzuak.
Hasieran aipatu ditugun hiru faktoreen uztardura eta baturari zor zaio bilakaera hau. Ezinezkoa zatekeen euskarak eman duen aurrerakada ematea, herritarren atxikimendurik izan ez balitz, kolore politiko ugarien gainetik herritar gehienek onartu izan ez balute. Herritar gehienak diogunean, gehientasun hori azpimarratu nahiko genuke: kolore politiko ezberdinetakoak, euskaraz dakitenak eta ez dakitenak… horiek guztiek osatzen dute gehiengoa, eta, esate baterako, bistan da euskaraz ez dakiten gurasoek hala nahi izan ez balute, euskarazko irakaskuntzak ez zukeela izan duen hedadurarik izango. Horrek ez du esan nahi herritar guztien euskararekiko atxikimendua neurri berekoa eta bat bera denik, eta hori kontuan izan behar da hizkuntza politika garatzerakoan. Konpromiso maila ezberdinak daude, baina euskararekiko atxikimendurik bada.
Aurrerakada hori gertatzea ezinezkoa izango litzateke, halaber, herri-erakundeen aitzindaritza eta konpromisorik gabe. Euskarak ez du bere historian inoiz ere izan herri-erakundeen aldetik urteotan jaso duen babes eta bultzadaren parekorik edo antzekorik, ezta ere urteotan izan duen baliabiderik: diru-baliabideak, giza baliabideak eta askotariko organismo eta egiturak izan ditu, eta ditu, bere zerbitzuan.
Aurrerakada hori gertatu da, halaber, euskara sustatzeko lanetan diharduten gizarte-ekimeneko elkarte eta enpresen ahalegin bikainari esker, eta, jakina, hainbat eta hainbat euskaltzaleren lan jarraitu eta aberatsari esker.
Azkenik, aurrerakada hori gertatzea ezinezkoa izango litzateke lege-marko egokirik gabe, hizkuntza-eskubideak aitortzen dituen eta herri-erakundeak garatzen ari diren hizkuntza politika aktiboak garatzeko bidea irekitzen duen lege-markorik gabe. Euskadiko hizkuntza politikaren marko legalak Espainiako Konstituzioan du abiapuntua, Autonomia Estatutuan du oinarria, Euskararen Legean du bizkarrezurra eta Lege horren garapenerako arautegi zabalak —lege sektorialez, dekretuz eta aginduz beteriko arautegiak— osatzen du corpusa. Corpus horrek neurri handiko adostasun politikoa izan du makulu. Autonomia Estatutuak eta Euskararen Legeak ez ezik, haien ondoren etorritako Euskal Eskola Publikoaren Legeak edo Euskal Funtzio Publikoaren Legeak edo Herri-Administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko 1997ko dekretuak edo Kontsumitzaileen Legeak (hizkuntza eskubideei buruzko atala barne), esate baterako, ez dute Legebiltzarrean aho-batasunik lortu, bai ordea oso adostasun zabala, nahiz kuantitatiboki hala kualitatiboki, indar politiko abertzaleen eta ez abertzaleen onarpena izan baitute. Zenbait kontu, hezkuntzari dagozkionak batez ere, oso une erabakigarrietan sozialistek kudeatu izan dituzte. Hau guztiau diogu, esan nahi dugulako, lege-markoaren egokitasuna eta eraginkortasuna ez datzala bakarrik bere arau hotzetan, baizik-eta bere-berea duen adostasun politikoan ere bai: ez da hori, ez, bere baliorik makalena.