Euskara 21XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak

Euskara 21 - XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak


2.3. Euskararen aurrerakadaren ifrentzua

Esana geratu da euskarak 25 urteotan izan duen aurrerakada handia izan dela, eta bada horri buruzko argitasunik dokumentu honetan bertan, euskararen gizarte-bilakaerari buruzko atalean. Ez goaz, bada, horrelakorik errepikatzera. Besterik da atal honetan egin nahi duguna: aurrerakada horren ifrentzuaz egin nahi dugu gogoeta. Euskararen aldeko lehia eta etorkizuna irabazteko urratzen ari garen eta datozen urteetan urratu behar dugun bidean aurrez aurre azaldu zaizkigun arriskuak identifikatu nahi ditugu, eta bideratu beharreko lan-ildoak zeintzuk diren argitu, hobetu beharrekoak eta zuzendu beharrekoak hobetzeko eta zuzentzeko.

Inoiz ez bezalako lege-babesa eta sustapena du euskarak, eta hori beharrezkoa du, baina ez da euskararen etorkizuna erabat bermatzeko behar bestekoa, legeak ez baitu, ezin baitu, berez bermatu eta ziurtatu euskararen erabilera. Inoiz baino baliabide eta diru gehiago jarri dira eta hor daude euskararen zerbitzura, eta hori beharrezkoa da, baina ez da euskararen etorkizuna erabat ziurtatua, diruak ez baitu berez euskara noranahikoa egiten. Non dago, orduan, gakoa?

Erabilera da giltzarria, eta herritarrak dira, gara, protagonistak. Herritarron bizikidetza orekatua, aberatsa eta sendoa eraikitzea da edozein gizarte aurreratu eta demokratikoren helburu nagusia. Bizikidetza horretarako behar dugu euskara, eta bizikidetza horren protagonista bakarrak direnak dira euskarari ororen gainetik behar duen erabileraren hauspoari eragin diezaioketenak: herritarrak, hain zuzen ere. Horregatik da beharrezkoa euskararen aurrerakada euskal herritarren gogo, ahalmen, borondate eta aukeren ikuspegitik ere aztertzea, eta euskararen erabilerak berak, gaurkoak ez ezik bihar-etzikoak ere, dituen ertz ugarietatik aztertzea. Ariketa hori eginez gero, beharbada helduko gara arrisku batzuk bederen identifikatzera, ohartuko baikara hogeita bost urteotan arlo guztietan ez dugula aurrera neurri berean egin, eta onartu beharko dugu agian zenbaitetan atzera ere egin dugula, eta onartu beharko dugu hobe izango zela, agian, urteotan guztiotan egindako zenbait gauza beste modu batera egin izan bagenu.

Euskara, bistan da, ez da hizkuntza hutsa, ez da komunikaziorako tresna neutro bat bakarrik. Gainerako hizkuntza guztiak ere badira esandakoa baino zerbait gehiago. Badakigu euskara sinbolo bat dela, gure gizartearen izaera askotarikoaren ezaugarri behinena, bizirik gorde beharreko kultura ondarea. Badakigu euskara bera ez dela eskubide bat, baina eskubide kontuekin lotuta dagoela erabat, herritarrek badutelako euskaraz bizitzeko eskubidea.

Nolanahi dela ere, euskara, ezer baino lehen, ororen gainetik, hizkuntza da. Koldo Mitxelenak ohiko argitasunez esana utzi zuen hori:

Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik. Ona da, beraz, elkarrekin mintzatzeko eta elkarri gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako; horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik, eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza kamutsik, honelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik errua, behiala Axularrek zioenez.

Badakigu, esan dezagun hori ere, erabilera dela hizkuntzaren balioaren benetako neurgailua. Ez alferrik adierazteko balio duen neurrian da ona “aizkora zorrotza”, erabiltzen den neurrian da mintzabide eta adierazpide hizkuntza. Gehiago, gainera: erabiliz bakarrik zorrotz daiteke “aizkora”, eta kamuts bada erabiltzaileek lukete “errua” (”euskaldunek berek dute errua” esan zuen Axularrek). Euskararen erabilera areagotzea eta sendotzea da guk nahi duguna, eta helburu horren kariaz ulertzen dugu esku artean dugun gogoeta hau.

Bi dira, hizkuntza politikaren gaineko gogoeta egiterakoan, kontuan izan beharko liratekeen oinarriak: batetik, euskara mintzabide lez indartzea eta euskararen erabilera sendotzea eta areagotzea, eta, bestetik, hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta errespetaraztea. Izan ere, uste baitugu hizkuntza-eskubideen ikuspegitik ez ezik euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko helburua lortzeko bidean zer egitea komeni zaigun, zer saihestea interesatzen zaigun, zer lehenestea eta zer aldi baterako bada ere bazterrean uztea komeni zaigun argitzearen ikuspegitik ere egin behar dugula euskararen egoeraren eta etorkizunaren gaineko gogoeta, helburu bakarra euskararen beraren interesa izanik. Ikuspegi hori hizkuntza eskubideenaren ondoan jartzeak eragina izango luke hizkuntza politikaren lan-ildoetan eta erritmoetan.

Izan ere, egia izanik lehen baino gehiago egiten dela euskaraz eta milaka euskal hiztun irabazi ditugula, galdetu beharko genioke geure buruari lehen baino askoz gehiago egiten ote duten euskaraz euskal hiztunek beren artean.

Bistan da eskolan, administrazioan, hedabideetan, Interneten,… ikaragarri ugaritu dela euskararen presentzia, baina lagunarteko giroan, familian, harreman-sare ez formaletan, kaleko bizitza sozialean edo lantokiko jarduera arruntean, lehen baino askoz gehiago egiten ote dugu euskaraz?

Goraka ote doaz, eta zein neurritan, euskarazko produktuen irakurleak eta ikus-entzuleak?

Gaur eguneko euskal hiztunok euskaraz adierazkortasun handiagoa ala txikiagoa ote daukagu?

Gutxienak dira bere burua euskararen aurkakotzat jotzen dutenak, eta bistakoa da guztiz ezinezkoa litzatekeela euskararen alde egin den ahalegin itzela egitea, baldin eta gizarteko biztanle gehienak horren alde ez baleude. Baina, zer-nolako kontsiderazio edo aitormen soziala du gaur egun euskarak?

Urteotako ibilbideak agerian utzi du euskararen biziberritzea ezin dela osorik eskolaren kontu utzi, euskararen erabilera gizarte-bizitzan indarberritzea ez baita eskola-kontua, ez behintzat hori bakarrik. “Eskola euskalduntzearekin, eta neurri apalagoan bada ere euskal irrati eta telebista publikoa edukitzearekin, ondorengo belaunaldiek behin-betikoz salbatuko dute euskara”: hori uste izan du 80ko hamarkadako belaunaldiak, eta uste horren gainean eraiki da urteotan hizkuntza politikari eman zaion bultzada emateko beharrezko izan den adostasuna. Uste horrek, ordea, erdia ustel du. Izan ere, gizartea euskalduntzeko bidean eskolarik gabe aurrera egitea ezinezkoa den bezalaxe baita ezinezkoa eskolarekin bakarrik partida hau irabaztea. Uste horrekin ahaztu egiten da euskararen salbazioak hiztunak eskatzen dituela, ez salbatzaileak, hots, euskara hitzez eta idatziz naturaltasunez erabiltzean datzala gakoa.

Berari dagokiona eskatu behar zaio eskolari; beldur gara, ordea, zenbait kasutan eman duena eta ematen duena hobe badezake ere, kasu askotan, eman dezakeena baino gehiago eskatu diogula. Ikasleek eskura dezaketen euskara-gaitasun neurria ez dago bakarrik irakasleen hizkuntza-prestakuntzaren eta hizkuntza ereduaren esku. Faktore ugari dira ikaslearen euskara-gaitasunean eragiten dutenak, eta eskolaren esku ez daudenak: hala nola, esate baterako, gurasoen eta familiako hizkuntza, udalerriko egoera soziolinguistikoa, ikaslearen harreman-sare natural ez formaletako hizkuntza, ikaslearen aisialdirako jarduera eta askotariko baliabideetako hizkuntza, eta abar. Hizkuntza-eredu berak emaitza diferenteak emango ditu, nahitaez, gune euskaldunenetan eta gune erdaldunetan. Adibide gehiago ere aipa daitezke ildo berari jarraituz. Kontua, nolanahi ere, hauxe da: euskara biziberritzeko prozesuan eskolak egin dezakeena gizarteko gainerako esparruetan egiazki egin daitekeenarekin lotu behar dela, errealitatearen azterketaren argitan egindako diagnostikoan alegia, eta helburuak gorago aipaturiko faktore ugari horiez osaturiko errealitatea oso kontuan harturik zehaztu behar direla, errealitateak berak helburuak eta emaitzak ezinbestez baldintzatzen baititu. Ondorioz, onartu beharko dugu, guztientzako jarritako gutxieneko hizkuntza-helburu orokorrak apalak izatea eta ikastegi ezberdinetako hizkuntza-emaitzak gutxieneko orokorretik gora ezberdinak izatea tokiz toki. Bestela, hizkuntza eta hezkuntza, biak atera litezke kalteturik.

Pernandoren egia badirudi ere, esan dezagun erabilerak lehendabizi eskatzen duen baldintza ezagutza dela, eta horretarako bide segurua da eskolarena. Eskolaren ekarpena ikaragarria izan da euskarak egin duen aurrerakada egin ahal izan dezan. Eskolak, gainera, bereziki, hain garrantzitsuak diren erregistro formal, akademiko eta kultuen eskutik transmiti diezaieke euskara ikasleei. Baina erabilerak, ezagutzaz gain eta aldi berean, gutxienez beste bi baldintza ere betetzea eskatzen du: erabiltzeko borondatea eta erabiltzeko aukera. Bi faktore hauek eskolaz haratagoko faktoreak dira, eskola barruko lau hormen artean itotzen ez diren faktoreak alegia.

Bestalde, egia da, eta kezkagarria gainera, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondorengo goi-mailetan —batxilerrean, baina, bereziki eta nabarmen, Lanbide Heziketan—, hutsune nabarmena dagoela oraindik ere euskarazko irakaskuntza-eskaintzan. Izan ere, urte hauen ondoren agerian jarri den arazoetariko bat hain zuzen ere hau baita: derrigorrezko eskolaldian egindako euskalduntze ahaleginak ez duela, gero, neurriko jarraipenik gainerako hezkuntza mailetan, gizartean, kale-bizitzan, aisialdian, lan-munduan, hedabideetan eta jendarteko harremanetan. Baina jarraipenaren katea, neurri batean bada ere, batxilerrean eta lanbide heziketan bertan hasten da eteten. Derrigorrezko eskolaldian euskaldundutakoa, zenbait kasutan, batxilerrean edo lanbide heziketan hasten da ez-euskalduntzen.

Ezagutzaren eta erabileraren hazkundeen arteko diferentzia ulertzeko hainbat arrazoi aipatu behar dira. Gaur egun, aurreko garaietan ez bezala, pertsona elebidun gazteen artean, gero eta gehiago dira lehen hizkuntza euskara izan ez dutenak; beste era batera esanda, jatorrizko hizkuntza, hizkuntza naturala gaztelania duten gazte elebidunak gero eta gehiago dira. Bestalde, gaur egun, aurreko garaietan ez bezala, elebidunen bi heren hirietan edo herri handietan bizi dira, hots, erdaldun elebakar gehienak kontzentratzen diren tokietan eta eguneroko bizitzan euskaraz naturaltasunez jarduteko aukera gutxiago dituzten udalerrietan. Jakina denez, hizkuntza baten erabileran neurri erabakigarrian eragiten duten bi faktore, honako hauek dira: hiztunaren hurbileko dentsitate demolinguistikoa, batetik, eta hiztunak hizkuntza horretan komunikatzeko duen gaitasun erlatiboa, bestetik. Kontuan hartzen badugu hiztun hori ez dela elebakarra eta, gainera, kasu askotan bigarrena duela erabili dezan nahi dugun hizkuntza, erraz ohartuko gara faktoreon eragina erabatekoa izaten dela.

Hori da gure errealitatea edo, hobeto esanda, hori ere bada gure errealitatea. Kontuan hartzen badugu gero eta jende gehiagok ikasia eta gero eta gehiagok erabilia izan dadin nahi dugun hizkuntza duela 25 urte gutxi batzuen hizkuntza zela —eta oraindik ere gutxi batzuen hizkuntza izaten jarraitzen duela—, normala da arazo horiek guztiak edukitzea. Ezinezkoa da gure kasuan euskararen gizarte-hazkundea era horretako arazorik gabe gertatzea. Horregatik ez dugu dramatizatu behar ez ezkortasunean erori behar ere, horrek bai baitu hazkunde-krisiarekin zerikusirik. Baina, horrekin batera, bi baieztapen ere egin behar direlakoan gaude: batetik, errealitate hori ezin da dekretuz aldatu, eta, bestetik, errealitatea hori ere badenez, ezinbestekoa zaigu euskararen hazkunde politikarekin jarraitzea bai erritmoak egokituz, kontziente izanik urte luzeetako eginkizuna dela hori, eta bai eskolatik haratago harreman-sare euskaldunak bultzatuz, euskara ahalik eta modurik naturalenean haz dadin.

Beste modu batean esanda: itxuraz euskararen aldekoa dirudien neurri “sustatzaile” oro ez da berez eta nahitaez euskararen aldeko, euskararen garapenerako eta luzarora euskararen erabilera indartzeko kaltegarri ere gerta daiteke, ustekabean. “Egiten den guztia ere gutxi da, guztiaren beharrean dago euskara” esan eta bere alde edozer egitea ez da bide segurua euskararentzako. Ororen gainetik, hiztunak eta era eta neurri ezberdinetako atxikimenduak irabazi behar ditu etengabe euskarak. Hori lortzeko balio ez duten neurriak, edo zenbait herritar euskaratik uxatzen dituzten jarduerak, borondaterik onenez bultzatuak izan arren, ez dira euskararentzat onuragarri. Horretan, ororen gainetik pragmatikoa izan behar du hizkuntza politikak, hots, euskararen erabilera egiazki indartzeko eta areagotzeko balio duten neurriak bultzatu behar dira.

Euskararen etorkizuna bermatzeko bidean, seguruena, hazkundea ahalik eta modurik naturalenean gertatzea dela uste dugu. Azken batean, pertsona gehienek baliatzen dugu, gure emozioak eta sentimenduak komunikatzerakoan, modu naturalean irteten zaigun hizkuntza, adierazkortasun eta freskotasun handienaz erabiltzen dugun hizkuntza. Horiek horrela, esparru formaletan ez ezik funtzio ez-formaletan ere erabiltzea da hizkuntza barneratzeko eta elikatzeko modua. Erabileran baitatza adierazkortasuna, sentimenduak, emozioak eta naturaltasuna bera, ikuspegi psikoneurolinguistikotik behintzat, garunaren, pentsamenduaren eta hizkuntzaren eremuetan. Erabilerak naturaltzen du hizkuntza, ez maitasunak, ez nahi izateak, ez jatortasunak, ez jatorrizko hizkuntzak.

Ez doaz bide horretatik gure artean sumatzen diren hainbat fenomeno. Esate baterako, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleetariko askok ikasgelatik jolastokira pasatzen direnean, euskara osorik edo partez albora utzi eta gaztelaniaz egiten dute jolas. Duela 25 urte gutxi ziren, oso gutxi, ikasketak euskaraz egiten zituztenak; orduan, ordea, euskal hiztun izanik ikasketak gaztelaniaz egiten zituzten askok ikasgelatik jolastokira pasatzen zirenean gaztelania utzi eta euskaraz egiten zuten jolas. Antzeko zerbait adierazten du gaur egun Unibertsitatean gertatzen denak: 2007ko udan %52ak euskara aukeratu zuen sarrera-probak egiteko hizkuntzatzat, eta lehen aldiz matrikulatu direnen %45ak ikasketak euskaraz egitea eskatu du. Ikasle horietako askok, ordea, gaztelania dute ikasgelaz kanpoko euren arteko harreman-hizkuntza.

Aurrerago jarraitu baino lehen, uste dugu gauza bat esan behar dela. Gorago esan dugunez, euskarak hiztunak eta erabilera-eremuak behar ditu, eta, euskararen jabe izanik, gaur oraindik euskaratik urrun dauden herritarrek ere jakin behar dute euskararen auzia ez dela euskal hiztunen arazoa, ez behintzat haiena bakarrik. Jakin behar dute euskararen etorkizuna bermatzea ez dela euskal hiztunei bakarrik dagokien zerbait, gutxiago ideologia edo joera politiko jakin batzuetakoei soilik. Jakin behar dute guztiena den ondare horren etorkizuna guztiek zerbait —eta gero eta gehiago— egiten duten neurrian baino ez dela bermatuko. Jakin behar dute, bi hizkuntza ofizial dituen gizarte honetan, zenbat eta berdinkideago izan biak, orduan eta sendoagoa izango dela hizkuntza bien arteko bizikidetza, eta, ondorioz, herritarren artekoa.

Atal hau bukatu aurretik beharrezkoa dugu administrazioari ere begira jartzea. Bistakoa da hor ere euskarak egin duen aurrerakada. Gaur egun, arazoak arazo, administrazioko hizkuntza ere bada euskara, inoiz ez bezala izan ere gainera. Horrek ere badu, ordea, bere ifrentzua.

Administrazioak langileen postuei hizkuntza eskakizunak ezarri dizkie, halako lanpostu horretan lan egin nahi duenak hizkuntzaren ezagutza izan dezan, euskal hiztunen eskubideak hobeki bermatuko direlakoan horrela. Politika horrek desadostasunak sortu ditu zenbaitetan, batez ere herritarraren hizkuntza-eskubidearen babesak bidean erdiz erdi jo duenean langileak lehendik irabazia zuen lan eskubidea. Egia da, gero, praktikan, salbuespen asko egin direla, adina dela eta, lanpostu mota dela eta, eta abar. Eta egia da, nahiz jendea honetaz konturatzen ez den, inork ere ez duela bere lanpostua galdu arrazoi horrengatik. Besterik da, eta hori ere hala gertatu da, lanpostua bereganatzeko lehian aurrea hartu diola askotan euskaraz mintzatzeko gai dela frogatu izan duenak. Baina ez da batere egokia gauzak nahasi eta denak zaku berean sartzea, totum revolutum bat eginez. Arazoak non dauden, hori da azpimarratu behar dena.

Bai 1982ko Euskararen Legeak bai 1986an lege horri buruz Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiak, eta bai ondorengo lege-garapenak ere argi ezartzen dute herri-administrazioetan lana euskaraz ere egiteak erabateko babes legala duela. Epai eta legeria horrek adierazten dute, halaber, kontuan hartu behar dela nahitaez euskararen ofizialtasuna bermatzearen ondorioz administrazioko lanpostuez jabetzeko edo berorietan jarduteko euskara gaitasuna errekerimendu gisa batzuetan eta merezimendu lez gainerakoetan. Hori guztia, jakina, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuz eta proportzionaltasun irizpideak aplikatuz egin behar da. Horrek guztiak aurrerapauso ugarietarako bidea ireki du, bidea gorabeheratsua izan bada ere.

Nolanahi ere, aurrerapausoak aurrerapauso, esan beharra dago, gaur oraindik hainbat direla herri-administrazioak herritarrari inolako deserosotasunik eragin gabe modurik naturalenean euskaraz artatzeko zailtasunak eta ezintasunak dituztenak. Gainera, gaur egun, oraindik ere administrazio asko dira euskara ere, gaztelaniaren pare, pixkanaka administrazioetako lan-hizkuntza izan dadin neurririk hartu edo plangintzarik egin ez dutenak. Beraz, asko da egiteke geratzen dena herri-administrazioetan ere euskararen erabilera normalizatzeko eta gehitzeko.

Esan beharra dago, halaber, administrazioan euskara gaitasunaren exijentzia eta merezimendu gisako balorazioa ondorengo bi elementuokin hertsiki loturik egon beharko lukeela, baina askotan —gehiegitan— ez dela horrela gertatzen: herritarren hizkuntza-eskubidea bermatzearekin, batetik, eta euskararen erabilera bultzatzearekin, bestetik. Izan ere, euskara gaitasuna eta erabilera uztarri berean lotuta ez badoaz, desegokitasunak sortzen baitira. Euskara-gaitasun tituludunen eta euskararen erabileraren artean ez dago proportzio egokirik, eta esango genuke gehiegi lotu dela euskara gaitasun-egiaztagiria edo hizkuntza perfila lortzearekin, eta gutxi, oso gutxi, lanean erabiltzearekin. Bistan da hori bakarrik eginda edo nagusiki horrela jardunez, euskarak aldeko gutxi irabazten duela herri-langileen artean, eta, aldiz, zenbait langile euskaratik uxatzeko arriskua nabarmena dela.

Hortaz, euskara gaitasunaren eskaera (errekerimendua denean, bereziki) zuzenean lotu behar litzateke lanpostuan euskara erabiltzearekin. Ondorioz, lanpostuetan euskara erabiltzeko aukerak eta beharrak (egun dituztenak eta etorkizun hurbilean izan ditzaketenak) faktore erabakigarria izan beharko lirateke euskara-gaitasunaren eskaera zehazterakoan.

Nolanahi ere, administrazioaz egindako gogoeta ezin buka gogora ekarri gabe Estatuaren Administrazio periferikoak urteotan erakutsi duen utzikeria, harena ere bai baita Euskararen Legea betetzeko obligazioa, bertako administrazioena den neurri bereko obligazioa hain zuzen ere. Baina administrazio ugarien artean, justiziako administrazioa aipatu behar da nahitaez, zehatzago esanda epaile, magistratu eta fiskalen kolektiboa, euskararen normalkuntzari bizkar emanda aritu baita eta hala jarraitzen baitu. Arlo horretan, guztia dago egiteke.

Azkenerako utzi dugu berebiziko garrantzia duen arlo bat, euskararen familia transmisioarena. Urteotan, Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskararen bilakaera prozesuan izan dugun aurrerapauso sendo eta garrantzitsuenetakoa familia transmisioari dagokiona da. Urteak eman ditugu belaunez belauneko euskararen familia transmisioa bermatu gabe, galerak galeraren ondoan. Nafarroan oraindik ere ez dago bermatua, eta Iparraldean etengabea da galera. EAEn dagoeneko eten da belaunez belauneko familia transmisioan gertatzen zen etendura. Horrek besteak beste esan nahi du euskararekiko aitormen sozial handia dagoela gure gizartean, beharrezkoa ez dena edo estimatzen ez dena izan ohi baita erraz galtzen uzten dena, eta, aldiz, estimatzen dena gordetzen saiatzen baikara beti gizakiok. Guraso euskaldunek bere egin dute, beraz, euskara ondorengoei transmititzearen ardura. Horrek ere, ordea, badu bere ifrentzua. Umeei euskara etxean lehen urteetan irakatsi arren, eskolan euskara irakatsi arren, askok eta askok gero etxean ohikotasunez erabiltzen duten hizkuntza gaztelania izaten da. Etxean erabili ezean, nahiz eta seme-alabak euskaraz ikastera bidali, zaila da horrela euskararen erabilera natural eta bizirik zabaltzea.

Honaino, bada, kezka-iturri diren gorabeherei buruzkoak. Kezka-iturri horiek, ordea, ezin gaitzakete inondik ere eraman etorkizunarekiko ikuspuntu ezkorra edukitzera. Izan ere, 25 urteotako ibilbideak erakutsi digu euskal gizartea gai dela euskara garatzeko, gizarte-bizitzan gero eta hiztun gehiago eta erabilera-esparru gehiago irabazteko. Etorkizunari itxaropentsu eta ilusioz begiratzera garamatzate, beraz, iraganak eta orainak. Kontua da etorkizuna irabaztea edo galtzea hemendik aurrera egiten dugunaren esku dagoela, eta horretarako garrantzitsua da arriskuak ahalik eta ongien identifikatzea, eta, erronkak nahiz lehentasunak zehazterakoan, ondo asmatzea.

Langintza horretan ditugun mugak euskararen beraren errealitateak, euskarak gizartean duen pisuak, euskal gizartearen beraren borondate eta ahalmenak ezartzen dizkigunak dira. Horregatik da bereziki inportantea, etorkizuneko hizkuntza politika diseinatzerakoan, boluntarismoa alde batera uztea. Militantzia beharrezkoa dugu, baina boluntarismoa ezin da izan hizkuntza politikaren oinarri, hizkuntza politika kontuetan ere ezin baita egin nahi dugun guztia —edo batzuek nahiko genukeena edo luketena—. Ezin esan beti boluntarismotik guztiz salbu egon garenik, baina etorkizunari begira beharrezkoa dugu errealitatearen mugak eta errealitateak bere barnean dituen arau sozial idatzi gabeak ahazten dituen boluntarismoari ateak ixtea.

Atal oso hau pasarte bakar batean laburbiltzera jo beharko bagenu, esango genuke oso garrantzitsuak direla hizkuntza-eskubideak, eta egunerokoan han eta hemen egiazki errespeta daitezen hartu beharreko neurriak hartu behar direla. Baina eskubideen izenean harturiko edozein neurri ez da berez onargarri, baldin eta euskararen erabilera sendotzeko eta areagotzeko balio ez badu. Euskararen erabilera indartzea eta etengabe gehitzea izan behar du hizkuntza politikaren oinarri nagusia, herritar gehienen atxikimendua eta adostasuna makulutzat hartuta. Horrek eskatzen du herritarrek euskara erabiltzeko gaitasuna izatea, euskara erabiltzeko aukerak izatea eta euskara erabiltzeko borondatea izatea, esan nahi baita, herritarrek euskara borondatez erabiltzea, gero eta gehiago.

 

< 2.2. Abiapuntu legala 

 

 3. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren zimentarriak eta erronka >

 

 

 


Lege informazioa © 2008 Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco