Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) datozen hamar urteetan garatuko den hizkuntza politikaren neurri-proposamenak jasotzera dator. Hartara, Euskara 21 ekimenean adierazitako oinarri eta gidalerroen aplikazio praktikoa izan nahi du.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) berrikustea zen, hain zuzen ere, 2008an Euskararen Aholku Batzordearen (EAB) eskutik abian jarritako Euskara 21 gogoeta prozesuaren ondorioz adostu zen egiteko nagusietako bat (horrela jaso zen Itun berritu baterantz izeneko txostenean). Eskatutako berrikusketa horren ondorioz, 2011ko apirilean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 101 adierazlez osatutako Euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko adierazleak izeneko txostena aurkeztu zuen.
Euskararen Aholku Batzordean erakunde publiko zein pribatuetako ordezkariak daude, bai eta euskararen eta euskalgintzaren alorrean adituak diren norbanakoak ere. EABko kideek egindako lanari esker, mahai gainean hainbat dokumentu dugu. Batetik, planaren sarrera dokumentua landu da, eta, bestetik, horretarako propio eratutako lan-taldeek esparrukako ekintza proposamenak zehaztu dituzte.
• EABko Euskara 21 Batzorde-atala
• Euskara 21 lantaldeetako kideak
Euskararen Aholku Batzordea gidari, euskara sustatzeko plan berria diseinatzen ari gara eta prozesuaren une honetan euskal gizartearen iritzia eta ekarpenak jaso nahi ditugu, adostasunean oinarritutako prozesu irekiaren emaitza izango baita Euskara Sustatzeko Ekintza Plana.