Euskara 21XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak

Euskara 21 - XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak


1. Sarrera

ITXAROPENEZ ETA ILUSIOZ, baina, aldi berean, arduraz idatzitakoak dira ondoren datozenak. Izan ere, euskarari buruzko gogoeta egiterakoan, azken hogeita bost urteotan euskal gizarteak egin duen bide arrakastatsuaren argitan, bai baitugu arrazoirik etorkizunari itxaropen eta ilusioz begiratzeko; baina oker eta itsu ibiliko ginateke hogeita bost urteotako ibilbide oparoan izan ditugun hutsegite eta gabeziak ikusteko gai ez bagina, eta etorkizunari begira gaur bertan ditugun erronkak eta arriskuak zehatz-mehatz identifikatuko ez bagenitu. Zorionez, errealitateak ez digu hil-kanpaien tristuran amiltzeko eta etorkizunari ezkortasunez begiratzeko motiborik ematen, baina errealitate horrek berak zorrotz agintzen digu ez geratzeko inertzien erosotasunean zer gertatuko zain, guztia ez baitabil nahi genukeen bezain ongi.

Gizarte demokratiko eta aurreratuen ezaugarrietariko bat da politika publikoak oro eztabaidagai izatea. Gurea ere ez da eztabaidarik gabeko gizartea, baina aztergai guztien artean bada bat berebiziko garrantziaz plaza publikoan egon beharko lukeena, plaza horretan betetzen duen baino leku zabalagoa hartu beharko lukeena: euskararen kontua, euskara gure artean indartzeko eta osasuntsuago egitearen aldeko hizkuntza politikaren gaineko eztabaida etengabea, hain zuzen ere. Euskara guztiona bada, guztiok izan beharko genuke zeresanik horretan, eta esateko duguna lau haizeetara zabaltzeko eta gainerako ikuspuntuekin kontrastean jartzeko aukera erosoak behar ditugu. Besteak beste, kontzentzu sozial eta politikoa -hori da euskarak ororen gainetik behar duen arnasbide edo makulurik behinena- eraiki eta etengabe indartu eta hedatzeko ezinbestekoa baita ikuspuntu ugariak patxadaz eta askatasun osoz plaza publikoan jarri eta eztabaidatzea.

Esan, gauza asko esaten dira euskarari buruz, mutur batetik bezala bestetik tira egiten duten gehiegikeriak askotan. Baina uste dugu, nolanahi dela ere, euskararen inguruan kritikarako esparrua handitu beharra daukagula. Aurrerantz oparotasunez jarraitu nahi badugu, ondo egindakoak sendotzea eta gizarteari bere ahalegina aitortzea beharrezkoa den bezala da beharrezkoa eta nahitaezkoa, halaber, kritika. Gaizki egindakoak alde batera uzteko edo hain ongi egin gabeak bideratzeko kritika, kritika lasaia, ustez euskararen aldekoa den edozer kritikatzea euskararekiko etsaitzat hartua izatearen beldurrik gabe egindako kritika, eta, era berean, euskararen aldeko defentsa sutsu eta beroa esparru ideologiko jakin batean kokatua izateko beldurrik gabe egindako kritika. Eta horretara datoz dokumentu honetan esaten direnak.

Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, bere 2005-2009rako egitasmoan jarritako puntuari emandako erantzuna da dokumentu hau. Ikus dezagun zer dioen HPSk jarritako puntuak, eta gero irakurleak juzka beza dokumentu honek puntu horri emandako erantzuna bera. Dokumentuaren helburua da orientagarri eta baliagarri izatea HPSk jarritako puntuari eta zabaldutako bideari jarraituz, hala nahi duten lagun guztiek elkarren arteko eztabaida aberasgarri eta irekia egin dezaten. Hara zer dioen Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren aipatu puntuak:

Ez diogu beldurrik izan behar debateari, ez egiten ari garen gauzen eta daramagun bidearen azterketari ere (…), beti kontuan izan, hipotesi moduan badarik ere, egiten ari garen guztia ez dela agian on, edo ez dela agian egokien, edo ez dela agian zuhurren. Eta kontuan izan behar dugu, halaber, agian ez garela egin behar litzatekeen guztia egiten ari. Bizi dugun egoeran, autokritikoak izan eta autokritika praktikatu beharra daukagu, baina ez zauria ozpinez erretzeko, ezta egiten dugun ororen inguruan halako susmo-egoera bat ezartzeko ere, ezta zalantza etsigarriak bazkatzeko ere. Nolanahi ere, iruditzen zaigu behar-beharrezkoa dugula euskararen arloan orain arte egindako bideaz eta etorkizunaz lasai, askatasun osoan, hitz egitea, euskalgintzaren barruan hala kanpoan. (…) Kritika eta autokritika uztartuz, hutsune eta hutsegite guztien erantzukizuna sistematikoki hirugarren baten bizkar botatzeko tentazioaren aurrean amore eman gabe.

(…) Ez dugu uste kontua horrenbeste denik errezeta berrien bila abiatzea, mirakulu halako batzuen esperantzan. (…) Normala denez, egin beharrekoa baita egiten ari garena hobeto egitea, gastatzen ditugun diruak hobeto gastatzea, oinarri eta printzipio nagusiek bere horretan jarraitzen badute ere lehentasunak berraztertu eta birdefinitzea, lan-ildoak birmoldatzea, eta, finean, hizkuntz politikari beste bultzada berri bat ematea, bide batez erakunde-arteko lankidetza eta agente ezberdinen arteko elkarlana sendotuz.

Sekulako ahalegina egin da urteotan euskararen alde. Herri-aginteen eskutik eta gidaritzapean, gizarte-ekimeneko eragile ugarien bultzadaz, euskal gizarteak inoiz ez bezalako indarrak jarri ditu urteotan euskara biziberritzeko lanetan: euskal herritarrek, batzuek aktiboki eta beste batzuek pasiboki, baina guztiek jarrera positiboz, ahalbidetu dituzte euskararen geroa bermatzeko garatu izan diren egitura, diru-hornidura, plangintza eta sustapen-ekimen ugariak, oso neurri nabarmenean hezkuntzan. Geure buruari ahalegin hori aitortzearekin batera galdetu behar diogu, ordea, ahalegin horrek espero zitezkeen emaitzak eman ote dituen eta emaitza guztiak egokiak izan ote diren eta… beste hainbat galdera. Dena ondo baino hobeto dagoela uste duenak, ez du galdera beharrik, baina gorabeherarik gabeko prozesu sozialik ez dagoela pentsatzen dugunok, eta uste dugunok kosturik gabeko onurarik ez dela gertatzen gizarte-prozesuetan eta, beraz, onurak ez ezik kostuak ere baloratu egin behar direla, ezinbestekotzat jotzen dugu galderak egitea egindako bideaz eta egiteke dugunaz, galderak eginez baizik ez baititzakegu aurkitu konponbideak eta irtenbide eraginkorrak.

Izan ere, hizkuntza politikari buruzko hausnarketak aldi berean honako bi ikuspuntuok kontuan hartu beharko lituzke: batetik, euskara indartzeko eta zokotik plazara eramateko ahaleginak egitea, horretarako neurri zehatzak hartuz, eta, bestetik, neurri horien egokitasuna. Egokitasuna diogu, hizkuntza politika kontuetan “nahia” eta “ahala” ez datozelako beti bat, euskararen aldekoak diruditen neurri guztiak ez direlako beti euskararen erabilera indartzeko egokiak, hizkuntzaren errealitate sozialak eta euskararen garapen-neurriak aintzakotzat hartu beharreko mugak jartzen dituztelako, gizarte demokratiko batean gehiegikeriak uxatu eta pitzadura arriskuak baztertu behar direlako, baina aldi berean herritar gehienak egiazko hizkuntza berdintasun sozialaren mesedean deserosotasunak onartu eta ahaleginak egiteko eta egiten uzteko prest egon behar dutelako, herritar guztien eskubideak errespetatu behar direlako, bai elebidun direnenak baina baita euskal hiztun ez direnenak ere. Badakigu, eta ez da ahantzi behar hori, gure gizartean euskal hiztuna dela gaur oraindik berak aukeraturiko hizkuntzan han eta hemen jarduteko eragozpenak dituena, eta ezberdintasun hori gainditzea dugu helburu, hizkuntza politika egoki eta orekatuaren bidez, euskararen erabilera indartuz eta bizikidetza sendotuz. Beste hitzetan esanda: neurri eraginkorrak behar dira nahitaez euskara indartzeko, baina edozer ez da onargarri ezta komenigarri ere, (ustez) euskararen alde bada ere.

Euskararen egoerari begiratuta, argi-ilunak ikusten ditugu gure gizartean. Nolanahi ere, hogeita bost urteotan urraturiko bidearen ondotik, argiuneak dira nagusi, euskararen gaurko egoerak ez baitu zerikusirik ordukoarekin. Baina ilunguneak ere hor dira, eta horiei buruz hitz egin behar dugu. Ez gatoz inori eta ezeri nota jartzera, eztabaida bideratzea beste helbururik ez dugu. Euskara dugu goiburu, hizkuntza den heinean dugu helburu, eta horregatik euskararen bihar-etziko erabilera dugu jomuga. Hogeita bost urte barru euskal hiztun gehiago izatea, euskara gaur baino gehiago erabiltzen den hizkuntza izatea, lagunarteko eta familia harremanetako hizkuntza ohikoa gaur baino neurri handiagoan izatea, euskal idazleek idatzitako liburuak irakurtzeaz gozatzen duten irakurleak gaur baino gehiago izatea… horiek eta horien antzekoak bakarrik —ez besterik— ditugu buru-bihotzetan gure gogoetak eta galderak egiterakoan. Ikuspegi horretatik ondo egindakoa eta euskara aurrerabidean jartzeko balio izan duena —eta asko da hori— sendotzen laguntzeko, aurrerantz jarraitzeko ditugun arazoak eta arriskuak identifikatzen laguntzeko, eta horien guztien gainean adostasun zabal bat ehuntzen laguntzeko balio badu, balekoa izango da dokumentu hau.

Adostasuna aipatu dugu, adostasuna delako hizkuntza politika orok behar-beharrezkoa duen sostengu nagusia, aldi berean demokratikoa eta eraginkorra izan nahi badu. Euskararen erabileraren mesedean indarberritu beharrekotzat jotzen dugun adostasunak politika arloan ez ezik gizartearen luze-zabalean ere arnasa hartzen duen adostasun politiko-soziala izan behar du. Izan ere, gure gizarteko hizkuntzen arteko bizikidetzaren auzia baita euskararen auzia, eta hain zuzen ere horrexegatik da begien bistakoa euskararen normalizazioa gu guztion bizikidetzaren muinean txerttzen den faktoreetarikoa dela. Euskararen oraina eta etorkizuna sendo bermatzeak euskal gizartearen bizikidetza hobetzea lekarke berarekin, ezbairik gabe. Bizikidetza demokratikoak ororen gainetik “bizikideen adostasuna” behar du oinarri. Horregatik eta, halaber, euskararen erabilera indartu eta areagotzeko bidea egiteko makulu nagusia norbanakoen euskararekiko atxikimendua eta gizarte osoaren bultzada eta babesa direlako dugu, hain zuzen ere, nahitaezkoa euskararen aldeko adostasun politiko-sozial ahalik eta zabalena berreraiki eta etengabe elikatzea. Zenbat eta adostasun politiko-sozial handiagoa, orduan eta ziurrago gordeko ditugu osasunbidean euskara eta hizkuntzen arteko bizikidetza.

 

< itzuli 

 

 2. Euskara indarberritzeko hizkuntza politikaren paradoxak.
     Gaur eguneko egoeraren ezaugarri nagusiak >

 

 

 

 


Lege informazioa © 2008 Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco