Euskara 21XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak

Euskara 21 - XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak


3. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren zimentarriak eta erronka

LEGEAK, DEKRETUAK, LAGUNTZAK, aitormenak, eta abar denak dira lagungarri ahuldutako hizkuntza bat biziberritzeko, alabaina herritarrek xede hori lortzeko borondate irmoa eta atxikimendua agertzea da erabakigarriena, hori gabe alferrekoak baitira gainerako guzti-guztiak. Izan ere, une bateko hobekuntza gorabehera, gainbehera areagotzea ez besterik gertatuko baita. Hori horrela, herritar gehienen borondatera eta gogora egokitu behar da arian-arian gorpuzten den hizkuntza politika. Horregatik, herritarren jarrerak-eta ezagutzeaz gain, politikan eta gizartean hizkuntza kontuetan aldiro adostasuna gaurkotzea eta berritzea ere ezinbestekoa da.

Euskal gizarteak euskara indartzeko konpromisoa askotan adierazi du eta borondate hori asebetetzeko moduko hizkuntza politika egin behar da, gure ustez. Nolanahi ere, ezin dugu ahaztu hizkuntza politika batek, hemen zein nonahi, lehenik eta behin, helburuen artean bat duela lehena eta oinarrizkoena: erakundeek unean uneko hizkuntza errealitatera egokitu behar dituzte nahitaez hizkuntza politikaren gainean hartzen dituzten erabakiak. Horrez gain, hizkuntza politikak izan dezake —eta gure ustez izan behar du— hizkuntza indartzea ere xede. Hizkuntza indartzeko hartu beharreko neurriak, ordea, beste maila batean kokatzen dira. Halako politika batek, berriz, adostasun sendo eta eztabaidaezina behar du gizartean, kualitatiboa, helburuak eta mugak ongi zehaztuko dituena, politika horrek eskatzen dituen neurriek eragin berezia izan baitezakete herritarren eskubideen eremuan.

Aurrekoak abiapuntu harturik, ahuldutako hizkuntza bat indarberritzeko asmoz, gizarte moderno batean egituratzen den hizkuntza politika adar askotakoa izan daiteke, eta ez da printzipio orokor horietatik nahitaez hizkuntza politika mota bakarra sortzen. Printzipioetan bat etorririk ere, horrek ez du esan nahi hizkuntza politika batean bakarrik gauzatzen direla haiek ezinbestean, bide bat baino gehiago izango baitu politika arduradunak aukeran politika zehatzak ezarri nahi dituenean.

Gure Erkidegoan garatu den hizkuntza politikak oinarri eta printzipio jakin batzuk ditu, azaroaren 24ko 10/1982 Legean jasotakoak, alegia, eta bertan topa ditzakegu, ordutik hona, hogeita bost urte luze hauetan garabidean jarri den hizkuntza politikak kontuan izan dituen helburuak eta mugak.

Gizarte-baldintzak aldatzen ari direlarik, bihar-etziko hizkuntza politikak beste ezaugarri batzuk bildu beharko ditu, akaso. Alabaina, bide horretan urratsak egin aurretik, komenigarria da, gure ustez, Euskararen Legeak ezarri zituen habe haiei buruz gogoeta egitea, hausnarketa sakontzea eta zenbait gaizkiulertu argitzea. Bidenabar, elkarrizketaren bidez aurreratu beharko da zein irizpide, oinarri eta printzipio diratekeen gaur-biharretako adostasunerako baliagarri.

Gorago esan bezala, beraz, ondorengo lerroetan aurkituko dena ez da hizkuntza politika jakin bat, ez da arloz arlo eta epealdi jakin baterako neurri eta ekintza zehatzak jasotzen dituen hizkuntza-plan bat, horrelakorik definitzea eta diseinatzea eta garabidean jartzea ardura eta eskumen hori duten herri-erakundeei baitagokie beti ere. Jarraian proposatzen direnak hizkuntza politika baten oinarriak dira, euskararentzako osasuntsuak eta eraginkorrak, eta euskal herritarrentzako euren bizikidetasuna sendotzeko baliosak.

 

Hizkuntzaren erabilera, haren osasun-egoeraren adierazgarri

Euskara hizkuntza bizia, adierazkortasun handikoa, jarduera formaletan ez ezik jarduera ez-formaletan ere naturaltasunez eta atseginez gero eta jende gehiagok erabiliko duen hizkuntza noranahikoa izatea da helburuetan helburu. Jakina da ez dugula museorako objektutzat nahi, baina inola ere ez genuke nahi ikasgeletako lau hormei jositako hizkuntza izatea; biziko bada, kalean hartu dezake eta hartu behar du arnasa euskarak; zerbitzu publikoetan bai, ez da horretaz zalantzarik, baina oso bereziki lagunartean, familiako harremanetan, Interneten, lan munduan, aisialdian eta hedabideetan ikusi nahi dugu indartsu, pixkanaka, baina beti zerbait gehiago, normalizaziorantz urrats sendorik egingo bada.

Erabilera areagotzea da, beraz, xedea, erabileran baitago etorkizunaren giltzarria. Horretarako, euskaradunak baino euskal hiztunak behar dira, eta hiztun potentzialak hiztun erreal bihurtzea ere garrantzitsua litzateke. Behar-beharrezkoa da, gero eta jende gehiagorentzat, euskara arazo-iturri ez baizik-eta hizkuntza erakargarri, atsegin eta naturala izatea. Ezin da inor behartu euskararekiko leial izatera, euskarari atxikimendua edukitzera, baina jakin behar dugu leialtasuna eta atxikimendua direla euskarak nahitaez behar dituen jarrerak, hizkuntza bizia eta gero eta erabiliagoa izango bada; eta herritarrei, euskal hiztun direnei nahiz ez direnei, jakinarazi egin behar zaie hori.

 

Xedeak: gizartean ezberdintasunak orekatzea, gizartearen kohesioa indartzea eta bizikidetza areagotzeko urratsak bizkortzea

Nekez aurkitu dezake euskal gizarteak bere buruari jartzeko helburu egokiagorik ezberdintasun gutxiagoko, bizikidetasun orekatuago eta sendoagoko jendartea lortzea bera baino, hori baita gero eta libreago izateko bidea. Helburu horien barnean kokatzen dugu guk euskararen auzia ere. Euskararen auzia ez da, gure iritzian, euskararen arazoa, gure hizkuntzen arteko bizikidetasunaren arazoa baizik. Euskararen auzia ez da, beraz, euskarak kezkatzen gaituenon edo euskaltzale garenon kontua bakarrik, euskal herritar guztien, kolore politiko batzuetako zein besteetako herritar guztien, euskaltzaleen eta euskaltzale ez direnen arteko bizikidetasunean eragiten baitu.

Izan ere, den-denok jarri beharko genizkioke geure buruari honako helburu hauek: hizkuntzen arteko ezberdintasun sozialak pixkanaka-pixkanaka baztertzea, hizkuntzak erabiltzeko aukera berdintasunerantz bidea egitea eta egiazko hizkuntza-askatasuna eraikitzea. Horrela, bada, etorkizuneko hizkuntza politikak, edozein delarik ere, bere oinarri nagusien artean honako bi zutabe hauek bederen izan behar lituzke: batetik, norbanako bakoitzaren hizkuntza-aukera erabat errespetatzea; bestetik, hizkuntza —zeinahi hizkuntza— baliatzeko askotariko erabilera-aukerak bermatzea; eta azken zutabe hau aipatuta, eta euskararen erabilera bultzatzea izanik goiburu, garbi eduki behar da hizkuntzarik ahulena, ezberdintasunean dagoena, jarduteko aukera urrienak dituena, euskara, erabiltzeko ditugun aukerak indartu egin behar direla eta berriak sortu.

Hizkuntzen artean ezberdintasun sozial gutxiago eta berdintasun handiagoa daukagun neurrian, bi hizkuntzen erabilera-aukeren artean berdintasun handiagoa lortzen dugun neurrian, gutariko inork ez dio berak aukeraturiko hizkuntza erabiltzeari uko egin beharrik izango. Gaur egun gure gizartean elebidunak kasu askotan uko egin behar izaten dio hizkuntza aukera baliatzeari. Kontu jakina da gaur eta hemen, hainbat esparrutan, euskaraz jardun nahi duenak dituela zailtasunak aukeraturiko hizkuntzan, besteak beste, euskara euskal gizartean gaur oraindik gutxiengo baten hizkuntza delako, urteetan eta mendeetan gaztelania izan delako esparru publikoko eta erabilera landuetako hizkuntza, eta horrelako errealitate bat aldatzea ez delako borondate kontua bakarrik. Hizkuntzen aukera-berdintasuna areagotzea izan behar dugu testuinguru honetan helburu, herritarrei aitorturiko hizkuntza-eskubideak pixkanaka inolako arazorik edo aparteko ahaleginik gabe baliatuak izan daitezen. Izan ere, egiazko hizkuntza-aukera handitzeak hizkuntza-askatasuna handitzea ekarriko luke berarekin, eta horrekin guztion bizikidetza aterako litzateke sendoturik, eta guztiok irabazle.

 

< 2.3. Euskararen aurrerakadaren ifrentzua 

 

  3. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren zimentarriak eta erronka [5etik 2. orria] >

 

 

 


Lege informazioa © 2008 Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco