Euskara 21XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak

Euskara 21 - XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak


3. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren zimentarriak eta erronka [5etik 2. orria]

Abiaburu: elebakartasuna gaindituz, eleaniztasuna zaintzea eta sustatzea

Globalizazioaren munduan gaude, eta badirudi hegemonikoa den guztiak ororen gainetik nagusitu nahi duela modernitatearen eta efikaziaren izenean. Baita hizkuntza kontuetan ere. Ezberdinak gara, hizkuntzak ere ezberdin egiten gaitu, eta ezberdinek osaturiko anizkoiztasunaren aberastasunean sinesten dugu. Eleaniztasuna, beraz, mundu globalizatu honetan, zaindu eta sustatu beharreko balio aberats eta aberasgarria delakoan gaude. Ez ditugu ezberdinak berdindu nahi, aukeretan nahi dugu berdintasuna. Horrek garamatza euskara —erabilera-aukera gutxien dituena— indartzera; baina ez ezeren kontra, ez hemengoa den eta gu geu aberasten gaituen beste hizkuntzaren kontra —gaztelaniaren kontra alegia—, haren ondoan baizik, baina, hori bai, gero eta bien arteko aukera-berdintasun handiagoan.

Gure gizartearen eleaniztasunaren lehen adierazpen nagusia elebitasuna da, bistakoa denez. Euskara eta gaztelania biak ditugu hemengo hizkuntzak. Eta esandako guztiaren ildotik, egiazki elebiduna izango den euskal gizartea eraikitzeko pausoak ematea izan behar du hizkuntza politikak helburu. Esaten da ez dela munduan benetan elebiduna den gizarterik, argudiatzen da elebitasun simetrikoa ez dela inon gertatzen eta hori hemen ere ezinezkoa dela; azken batean, bi eratako mezuak plazaratu ohi dira elebitasunari argi eta garbi “ez” edo “bai, baina ez” esaten diotenak: euskara jendarteko harremanetarako hizkuntza bakarra izango duen Euskal Herria proposatzen dute batzuek, eta euskara beti eta betiko gaztelania hegemonikoa baino ahulagoa eta maila apalagokoa izango duen Euskal Herria iradokitzen dute beste batzuek.

Ezinezkoa da euskal gizarte elebakarra, eta gainera ez da hori euskal gizartearen gogoa. Elebakartasunetik aberastasun gutxi eta pobrezia ugari besterik ez genuke jasoko. Ez dugu, beraz, gogoko.

Elebitasun simetrikoari dagokionez, ez dakigu benetan eraiki ahalko dugun eta gaurko belaunaldiok ezagutu ahal izango dugun halako elebitasunik euskal gizartean. Baina hizkuntza-askatasunaren eta hizkuntza-erabilera aukera berdintasunaren alde, euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozialaren alde modu positiboan eta aktiboan, zuhurtasunez eta malgutasunez, baina etengabe, lan egingo badugu, nahitaezkoa da elebitasun orekatua eta aukera-berdintzailea benetan posible balitz bezala jardutea, hori helburu duen hizkuntza politika malgu eta errealista egitea. Bestela galga jarriko genioke guztion bultzada behar duen prozesuari.

Helburuak argitu ditugularik, hitz egin dezagun orain helburu horietarantz eramango gintuzkeen bideari buruz. Bide hori egiterakoan, hainbat abiapuntu eta kontu onartu beharko genituzke, eta oinarritzat hartu.

 

Beharrezkoa da errealitatea kontuan hartzea eta gehiegizko boluntarismoari atea ixtea ere

Gizarteak euskara eskura izatea eskatzen du, baita euskal hiztun ez direnek ere, eta eskola da borondate horren adibiderik behinena. Euskara zabaltzeko nahia euskara indartzeko onuragarria izan badaiteke ere, oso kontuan hartu behar dugu euskal hiztun-erkidegoak eskatutako guztiari ezin diola aurre egin. Ikuspegi horretan sakonduz, euskal hiztun-erkidegoa indartu nahi badugu, ezin dugu neurririk gabe bultzatu euskara hedatzeko nahia (kuantitatiboa), besteak beste, halako politika batek hiztunen ahulezia kualitatiboak areagotuko lituzkeelako (ereduari, zuzentasunari eta kalitateari dagokienez) eta euskarak etorkizunaren aurrean dituen arriskuak bistaratuko. Testuinguru horretan euskara hedatzearen aldeko politika neurtu egin behar dugu, hiztun-elkartea bera ahuldu nahi ez badugu.

Hizkuntza indarberritzeko kontuetan, “nahi izatea da ahal izatea” printzipioak ez digu balio, ez dira ezta ere behar bestekoak —beharrezkoak eta lagungarriak gertatu arren— aginduak eta arauak. Urteak dira honetaz ere maisuki idatzi zuela Koldo Mitxelenak:

Agian, gure artean hain errotua dagoen boluntarismoaren arriskua salatu beharrean gara, nahikunde hutsa helburuetara iristeko nahikoa bailitzan. Ez ditut ukatuko utopiaren ondorio miresgarriak, batzuk begien aurrean baititut. Nahiago nuke, ordea, badaezpada ere, ezer egingo bada beti beharrezkoak diren ametsak eta berotasun suharrak, lagun eta aitzindari, kalkulua izango balute, eginahalean zehaztuz zeren bila gabiltzan, zein urratsetan lortuko dugun, eta nolako bitartekoak ditugun eskumenean orain eta etorkizunean.

Ezin fida daiteke —zenbaitek, areago erosokeriaz beste ezertaz baino, egiten duen bezala— dekretuaren ondorio miresgarrietan, ezta ofizialkidetasun nahiz ofizialtasunezko aitorpenetan ere. Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Beste nonbait esan eta idatzi dudan bezala, diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu.

Boluntarismoak ez luke, beraz, inolako hizkuntza politikaren oinarri izan behar, horretatik euskarak ez bailuke deus irabaziko. Euskara indarberritzeko kontuetan ere, boluntarismoaren aurrean, garenaren neurria oso aintzakotzat hartu beharko genuke. Izan ere, hainbat faktorek behartzen gaituzte euskal hiztunen euskarazko jarduna sendotzen laguntzera, hona hemen, besteak beste, faktore horietako batzuk: euskal hiztunak oraindik ere gutxiengoa dira, hiztun horiek gainera elebakarrak ez baizik-eta gutxienez elebidunak dira, belaunaldien artean hizkuntza-diferentzia nabarmenak daude, euskara urte askoan ez da izan erabilera publiko eta jasoetako hizkuntza, herritarrek hizkuntzaren parean eta gainetik beste balio pisuzko batzuk jartzen ditu. Halaber, nahi duguna da, euskaratik urrun dauden herritarrak pixkanaka euskarara erakartzen saiatuz, euskara aukera berrietarako leiho atsegin, aberats eta erakargarri moduan azaltzea.

Euskara ahula da eta ez du, gaur, oraindik, indarrik gaztelaniaren parean lehian aritzeko. Behartuta gaude, beraz, etorkizun are arrakastatsuagoa izan dezan, zuhurtasun handiz jokatzera. Beldurrik gabe onartu behar dugu gure gizarte hau ez dela benetan elebiduna izango beste 25 urtean, baina urte asko baino lehen lortu behar dugu elebidunak gutxiengoa izateari uztea. Beldurrik gabe onartu behar dugu, euskararen interesetik begiratuta ez zaigula komeni hizkuntza politikaren diskurtsoa eskubideen inguruan bakarrik ardaztea, eta “eskubidea dugulako eta horregatik bakarrik” gaztelaniaz dagoen guztia euskaraz ere jartzen saiatzea.

Horrela, bada, beldurrik gabe onartu beharko genuke etorkizuneko gizartean ohikoa izango dela hizkuntza bakoitzak bere erabilera-eremuak edukitzea, batzuetan bat izango da nagusi eta beste batzuetan bestea, lurralde batetik bestera egoera diferenteak gertatzea, eta abar. Hobe da era horretako testuinguru ireki eta nahasi baterako euskara indartzeko estrategiak bultzatzea, guztia berdintzearen boluntarismoan erortzea eta indarrak ahitzea baino. Inguruabar horretan sakonduz, hizkuntza-erkidegoak kontuan, berariazko trataera diseinatzea eta garatzea garrantzi handikoa da, besteak beste, euskaraz nagusiki jarduten duten eremuetan-eta haren ezagutza eta erabilera indartuz, trinkotuz eta berariaz lehenetsiz.

Boluntarismotik ihes egiteak hizkuntza politikaren jardun-eremu osoa aintzat hartzea ere eskatzen du, eta horretarako zehar lerroaren trataera zurkaiztu behar da. Ezin da denean aldi berean eragin, lehentasunak finkatu behar dira eta, horretarako, unean uneko eta tokian tokiko egoerak aztertu behar dira, eman beharreko pausoak identifikatuz, planifikatuz, herritarren aldekotasuna jorratuz, bidenabar.

Halaber, boluntarismotik ihes egiteko, ezinbestekoa da, besteak beste, arian-arian abian den hizkuntza politika ebaluatzea ere; ondo egindakoak indartzeko eta areagotzeko; gaizki egindakoak zuzentzeko, hiztunen behar berriak antzemateko eta erantzuten ahalegintzeko; usteetatik urruntzeko, finean. Ebaluatzen ez dena ez dagoelako hobetzerik, hiztunen eta hiztun-elkartearen behar zahar eta berrietara egokitzerik.

 

< 3. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren zimentarriak eta erronka 

 

 3. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren zimentarriak eta erronka [5etik 3. orria] >

 

 

 


Lege informazioa © 2008 Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco